XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nola hondamendia? Ni ez nauk haitzulotik irtengo.

- Lehen gaizkiaren errealitatetik irudira sortu bazinen, nork jakin irudiak gaizkia sorreraziko ez duen?

- Ez al diat erremediorik?

- Inolakorik ere ez.

- Nola nahi duk ni hiltzea, ni ez bainauk beste jaun horiek bezalakoa?

- Lezajauna, oker zaude.

Zu eta ni hilak gara.

Neu naiz zure heriotzaren kontzientzia, zu nire heriotzaren arrazoia zaren bezala.

- Hitz politak dituk horiek.

Nola dakik horrela dela?

- Ez al dituzu hezur guzti hauek inguruan ikusten?

Heriotzaz inguraturik gaude.

Heriotzaren golkoan gaude.

- Horiek ez dituk nire etsaiak.

- Horrexegatik hain zuzen, lagunak direlako.

Heriotzaren lagunak gara.

Hilda gaude.

- Ez al nindukan, ba, heuk hil behar?

- Ez. Mendeetako hezurteria kontzientzidunak hiltzen zaitu.

- Zergatik etorri haiz orduan?

Hauek hil behar baninduten, hi salba hintekeen.

- Ni salba nintekeen, baina zu ez zinen hila zarenik ohartuko.

Horrexegatik etorri natzaizu.

- Egunsentia zirudik!

- Ez, Lezajauna.

Hezurren zuritasuna da.

- Argitasuna ematen dik, ba.

- Heriotzaren argitasuna.

Hemen ez dago bestelako argitasunik.

Etsi ezazu behingoz.

Lezaundietako lau ahoak itxita daude.

Hil hezurrez hermetikoki itxita daude.

Ez dago irteerarik.

- Nork esan ziek hauei etortzeko?

- Inork ere ez.

Berenez etorri dira.

Zure hiletetan partaide izan nahi zuten.